Haurren minbizia

Minbizia da zelulen ugaritze (ugalketa) ohiz kanpokoa eta kontrolik gabekoa, edozein organo edo ehunean gerta daitekeena. Zelula talde batek , ugalketa eta bereizketari begira, kontrolerako mekanismo arruntetatik ihes egiten duenean eratzen da.

Gorputzeko organo guztiak (giltzurruna, gibela, burmuina, birikia...), azala, muskuluak, hezurrak... ehunek osatzen dituzte. Ehun horiek zelula multzoek osatzen dituzte. Zelula multzo horiek organo edo ehun bakoitzaren helburua betetzeko goi mailako funtzioak egiten dituzte.

Organoak eta ehunak hazi eta garatu egiten dira, heldutasunera iritsi arte, eta batzuk etengabe berritzen dira. Osatzen dituzten zelulen hazkuntzari eta ordezkapenari esker lortzen da hori. Prozesu biak, hazkuntza eta eraberritzea, orekatuta eta erregulazio estu baten mendean daude gorputzaren beharrei erantzuteko.

Zelula orok du hiru norabidetan eboluzionatu edo garatzeko gaitasuna.

  1. Ziklo zelularra jarraitu eta beste bi zelula berdin sor ditzake.
  2. Edo, heldu, bereiztu eta espezializatu egiten da dagokion organoaren berariazko funtzioak betetzeko.
  3. Azkenik, autoezabatu eta hil daiteke, beharrezkoa ez delako.

Zelula bakoitzak hartutako bidea duen informazio genetikoaren eta bere testuinguruak ezartzen duenaren mende dago. Adibidez, hezur bat apurtzen bada, hezur horren zelulek ugaldu behar dute, kopurua handitu hezurra erabat berriz osatzeko. Horrez gain, bereizi, hau da, hezur-ehunean burutu behar duten funtzioetan espezializatu behar dute. Baina behin haustura konponduta, ugalketa horrek geratu behar du eta hezurra neurririk gabe egiteari utzi.

Laburbilduz, noiz ugaldu, heldu edo bereiztu adierazten dieten seinaleen edo aginduen esana egiten dute zelulek.

Minbiziaren hasiera

Bere garapenaren edozein unetan, zelula batek aldaketa bat jasan dezake. Garrantzizkoa bada bizirik irautea eragotz diezaioke eta zelula hil daiteke. Baina aldaketa hori hilgarria ez bada eta zelulak bizirik irauten badu, bere antzerako zelulak ─normalak ez bezalakoak─ eta aldaketa horren eramaileak sortzen ditu. Horiei esker kontrolerako mekanismo arruntetik ihes egin dezakete eta ez diete esana betetzen. Mekanismo horiek noiz ugaldu eta bereiztu, eta beharrezkoa ez direlako, zenbatek ezabatu behar duen agintzen diete.

Ondorioz, ehun edo organo jakin batean zelula anormalen talde bat sortuko da, kontrolik gabe biderkatuko dena heldu edo bereiztu gabe. Hau da minbizi baten garapenaren hasiera, organo edo ehun batean jatorria duena.

Baina kontrolik gabeko zelula talde horrek jatorrizko tokia zeharkatu eta alboko organo eta ehunak inbaditu dezakete. Orobat odolean zehar bidaiatu dezakete eta urruneko organo edo ehunetan hazi, urrutiko metastasia esaten zaiona sortuz.

Zelula baten aldaketa gaiztoa garapen zelularraren edozein unetan gerta daitekeenez, edozein organo edo ehunean, askotariko tumoreak eta toki oso desberdinetan aurki ditzakegu. Eta jakina, bizitzako edozein aroan ager daiteke, jaiotzatik gizakiaren garapenean zehar.

Haurren minbizi motei eta tratamenduei buruzko informazio gehiago: www.sehop.org